Kaixo Mintzalagunok!
Idatzi honen bitartez azkenengo hilabeteetan, kuotaren ordainketaren harira, zuetako batzuek jaso dituzuen mezuei azalpena eman nahi diegu. Eta bide batez,  Mintzalagun kuotaren garrantziaz hitz egin nahi dizuegu.
Taldekatze prozesua urtarrilaren amaieran amaitu genuen, izen ematea ixtearekin batera. Eta orduantxe, kuoten ordainketen errepasoari ekin genion. Momentu horretan, kuota asko eta asko ordaintzeke zeudela konturatu ginen eta ordaindu ez zenuten horiei, banan banan gogorapen mezua bidali genizuen. Mezuak eraginik ez, eta batzuek whatsapp bat, edo bi ere, jaso duzue. Prozesu guzti honek lan ordu asko eman dizkigu, eta esan beharrik ez dago, ez da lanik atseginena. Esan beharra dugu, kasu batzuetan, gure akatsa izan dela, ordainketaren bat pasa egin zaigulako. Barkamena eskatzen dizuegu. Kasu gehienetan berriz, kuota ordaintzea ahaztu duzue. Ulergarria guztiz. Baina zoritxarrez, parte hartzaile nahikotxok, kuota ez ordaintzea erabaki dute, egitasmoan parte hartzen jarraituko ez dutelako. Izena eman ondoren, eta taldekatuta egon ondoren, noski.
Hasteko, azpimarratu nahi dugu Gasteizko Mintzalaguna egitasmoaren funtzionamendu egokirako ezinbestekoa dela parte hartzaile guzti-guztien kuotaren ordainketa. Mintzalagun egitasmoak lan asko suposatzen du: matrikulazio kanpaina, taldekatze prozesua, ikasturte hasiera eta amaierako bilerak, ekintza osagarriak, 15ean behin bidaltzen dizuegun buletina eta talde aldaketak, besteak beste. GEU elkarteko hainbat langile ibiltzen gara zeregin hauetan, buru belarri eta oso gustura. Zuekin haritzea plazera baita benetan!
Egoera honen aurrean, hausnarketa sakona egin dugu eta honen azalpena eman nahi dizuegu. Hasteko, garrantzitsua deritzogu parte hartzaile orok gure lana ezagutzea, egitasmoa baloratzea eta kuotaren ordainketa ulertzea. Horretarako, komunikazioa hobetzen saiatuko gara. Eta amaitzeko, gure esfortzuak egokiago kudeatzeko eta arazo honi konponbidea emateko asmoz, Mintzalagunaren matrikula guztiz osatzeko, matrikularen ordainketa egitea ezinbestekoa izango da. Hau da, ikasturte hasieran, izen ematearekin batera (edo iazko taldean jarraitzeko erabakiarekin batera) kuotaren ordainketa egin beharko da, eta honen ordainagiria bidali.
Kudeatzeko modu berri hau egitasmoaren funtzionamendurako positiboa izango dela uste dugu. Gasteizko Mintzalaguna urtez urte hobetzen jarraitu nahi dugu eta!
Besterik gabe. Besarkada handi bat guztientzat.
Eta gora Mintzalagunok!!