Urtarrilaren 19an, asteartean, Gasteizko Parral tabernan izango da Hibakusha musika talde nafarra kontzertua eskaintzeko, GEU Elkarteak antolatuta.

Parral emanaldiak, Hibakusha

Hibakusha 2013. urtean sortu zen euskal metal musika taldea da. Tears from Hiroshima eta Kerasy nafar taldeak desegin eta gero, talde berria osatzen duten bost kideak elkartu eta “Abuztuak 6” diskako 10 kantak konposatu zituzten. Bartzelonako La Atlántida Estudiosen grabatu dute diskoa, Edgar Beltri eta Mario Patiño ekoizleen gidaritzapean (The Eyes, Cohen, La Pegatina…).

2014. urtean disko berria atera zenuten. Nola deskribatuko zenukete? Zein da mezua?

“Abuztuak 6” izenpeko diskoa atera genuen, talde bezala jaio ginen datan eta Hiroshimako bonbardaketaren datan oinarrituz. Izan ere, “Hibakusha” hitza Hiroshimako bonbardaketatik bizirik atera ziren pertsonak izendatzeko erabiltzen dute Japonian, eta guk bizirik darraigu oraindik musika munduan. beraz, hemendik gure izena.

Hamar kantuz osaturiko disko potentea duzue hau. Metal musika jorratzen dugu, baina melodiei garrantzi handia emanez. Disko kontzeptuala ez den arren, funtsean mezu positiboa du. Metal musika berez nahiko gogorra eta iluna den aldetik, guk itxaropena eta indarra isladatu nahi izan dugu, talde bezala bizi dugun momentuarekin guztiz bat datorrena.

Disko honetako abestiren bat nabarmenduko zenukete?

Nabarmentzeko kantak “Itzalak”, “Esnatzean” eta “Abuztuak 6” dira. “Itzalak” eta “Esnatzean” abestietako bideoklipak jadanik kaleratu ditugu eta ikusgai dituzue sare sozialeetan.

“Itzalak” kanta Gasteiztik hurbil dagoen Izarra herrian grabatu genuen, hango ikastetxe famatu batean. Anekdota gisa eta tamalez, bideoklipa grabatu eta hilabetera, sute handi batek ikastetxea erabat suntsitu zuen. Musika aldetik, kanta iluna dirudiena rren, mezua positiboa du erabat. Zoriontasuna norberak bere burua onartzean datza, hori da azkeneko mezua. Gure barneko “itzalekin” bizitzen ikastea posible dela aldarrikatu nahi dugu.

“Esnatzean” bideoklipa beranduago grabatu genuen eta bestearekiko kontrapuntu argitsua da guztiz. Kanta honetan ere, itxaropena eta laguntasuna dira gai nagusienak, eta taldeko giroa hobekien isladatzen duen bideoklipa duzue.

“Abuztuak 6” kantua berezia da guretzat, esanguratsua. Hiroshimako bonbardaketak aintzat hartuz, gure istorio pertsonala kontatzen dugu. Gainera luxuzko kolaborazioak ditugu ahotsetan: Jordi eta Wero, Bartzelonako The Eyes taldeko abeslariak, kantari sekulako indarra ematen diotenak.

Nola dago euskal metal musikaren egoera? Publiko zabala du ala mugatua da?

Metalzale eta metal talde ugari dago Euskal Herrian, baina zuzenekoak egiteko ondo prestatuak dauden areto gutxi, gure ustez behintzat hori da arazorik larriena. Zuzenekoen kultura galtzen ari da. Horren arrazoiak aztertzeko denbora luze beharko genuke, baina laburbilduz, kontsumoaren kulturarekin zerikusirik duela uste dugu. Modan dagoena iksuteko eta ordaintzeko prest gaude, baina gure kabuz gehiago ikasteko, ikusteko edo entzuteko astirik ez dugu… Ez da talde txikien lana batere baloratzen… Ingeleraz edo gazteleraz abesten duten taldeek agian aukera gehiago dituzte kanpoan aritzeko, baina guk hemengo eskenagatik apustu egin dugu, burugogorrak gara horrekin. Euskaraz abestea erabaki genuen hasieratik eta oraingoz ez dugu inongo arazorik izan zuzenekoak eskaintzeko. Gu behintzat ezin gara asko kexatu…

Erreferentziazko talderik duzue?

Taldekide bakoitzak gustu musikal ezberdinak ditu… Baina hor doaz erreferentziazko talde batzuk: Paramore, In flames, Protest the Hero, Stone Sour, Berri Txarrak, Lost Prophets, Guano Apes…

Urtarrilaren 19an Gasteizko Parral tabernan emango duzue kontzertua. Gogotsu zatozte?

Zuzenekoak emateko beti gogotsu gaude! Parral taberna “solera” handiko lekua dela esan digute eta hango publikoa eta musikariak ezagutzeko irrikitan gaude! Gainera, bigarren diskoa prestatzen gaude orain eta 3 kanta berri estreinatuko ditugu bertan. Buruak astindu nahi badituzue, zatozte gure kontzertura!