Borja Estankona: “Gasteiz Euskal Herriko gune rockeroena da”
Estankonak bere lan berria, “Ardatza”, aurkeztuko du Gasteizko Parral tabernan, otsailaren 16an, GEU elkartearen eskutik.
Borja Estankona kantugile berezia da. Bere musikak adar asko ikutzen ditu baina rock eta poparen gertutasuna mantentzen dute abestiek. Egun, musika etnikoari eta konkretuki euskaldunari eta mediterranearrari dion maitasuna ageriagoa da bere abestietan.
‘Ardatza’ da kaleratu duzun azken diskoa. Zein da disko honen ardatza?
Disko honi “Ardatza” jarri nion izena portadako irudia diseinatu eta gero. Behin titulu hau aurkituta portadako irudiekin beste edo gehiago identifikatzen nintzen hitzarekin. “Ardatzak”ek egoera emozional bat deskribatzen du. Norberaren izaerak, desioak, garaiko edertasunaren ideiak… barne mundu hauek konektatzen dutenean sortzen egoera iratzarri bat izan liteke “ardatza”. Disko honetako abestiak “ardatz” horretan kokatuta jaio ziren.
Ba al dago abesti bereziren bat disko honetan?
Niretzat denak dira bereziak, bestela ez nituzke kaleratuko. Baina kuttunak esan nahi baduzu, era berezi batean gorde ditudanak, bai, aipatu diezazkizuket batzuk. “Erregua”: disko honetako armonia eta dramatismoa era sendo eta soil baten biltzen ditu. “Kate arina”: abesti txiki eta preziatua niretzat. “Etena”: bizitzako une ixil eta sakon bati eginiko omenaldia. “Aurrera”: Aurrera jo, indarrez, bizinahiaz. Mezu hori gorde du abesti instrumental honek.
Estankona bezala ateratzen duzun hirugarren diskoa da. Aldaketarik egon da bakarlaria izatea erabaki zenuenetik?
Arean taldea esperientzia eder bat izan zen baina bukatu zen duela 10 urte gutxi gora behera. Bakarlari ibilbidea abiatu nuenean korronte kontra indar egiten ari nintzela gogoratzen dut. Sormena ez zen gainezka egiten zidan sentsazio alai bat. Sormena konpromiso serio bat zen garai hartan, lubaki lan bat bezala. Bakarlari ibilbidea aurrera joan den heinean egon dira, eta zorionez badaude, artistikoki osasuntsu sentizen naizen uneak. Igarri dut urte hauetan abestiek nigan izan duten efektu sendatzailea, bizgarria… “Ardatza” diskoak indar berri hau ondo jasotzen duela uste dut.
Erreferentziazko talde edo musikaririk ba al duzu?
Azken urteetan arreta asko jarri dut Andaluziako, Greziako, Balkanetako, Turkiako eta Ekialde gertuko musiketan. Bertaratu egin naiz ere Granada, Kretara… musika entzutera, ikustera eta jotzera. Gustatzen zait musika hauekin kutsatu izan diren rock talde asko: Led Zeppelin, The Doors, Leonard Cohe, Lagaartija Nick… Beste izen batzuk aipatzearren Blonde Redhead gustatzen zait, Tori Amos…
Otsailaren 16an kontzertua emango duzue Gasteizen. Zer harreman duzue hiriarekin?
Baxujolea bizi izan da urte luzeetan Gasteizen (gaur egun auzokide da Bilbon). Eta baterijolea, jatorriz Paraguaykoa, Gasteizen bizi da. Gasteizen dugu entsaio lekua gaur egun. Lan egin izan dut Gasteizen marrazketa irakasle bezala Mendebaldean, Koldo Mitxelenan… Baina ez naiz inoiz bertan bizi izan. Dena den Gasteizen jotzea eta konkretuki Parralen jotzea gustu handiz egingo dudan gauza bat da. Gasteiz Euskal Herriko gune rockeroena da eta Parral gauza interesgarri askoren topagune. Beraz dena emateko prest.
Iruzkinik ez "Borja Estankona: “Gasteiz Euskal Herriko gune rockeroena da”"