Ikasturte berriarekin batera abian da berriro ere Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatuta, irailetik apirilera, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan. Iaz bezala emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmearen zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da. Saio guztiak Ohianeder Euskararen Etxean izango dira.

 

 

 

 

UDAZKENEKO EMANALDIAK

ATERABIDETIK. Iragana, oraina eta etorkizuna

Solasaldia: Aitor Amutio, Jon Rementeria eta Ibon Meñika.

Irailak 26, asteartea, 19:00.

Preso politikoen sakabanaketak Gernikan eragin duen egoeraren berri emateko 25 gernikar baino gehiagoren artean sortutako ikus-entzunezko lana da Aterabidetik. Puzzle bat egin dute ikus-entzunezkoetan lanean ari diren hainbat gernikarren artean, eta egile bakoitzak bere begirada eskaini du. Emaitza 29 bat minututako film laburra da. Film labur honek dispertsioaren errelitatea ikustaraztea du xede, ez besterik. [+ INFO]

 

BIZIMINEZ

Solasaldia: Josu Iztueta

Urriak 25, asteazkena, 19:00.

Bidezidor eta errepide zabaletatik, bizi-minez egiten den bidaia kontatzen dute Josu Iztuetak eta Pablo Dendaluzek Biziminez dokumentalean.  Josu Iztueta eta Antxon Arza, bi adiskide AEBko errepidean “amets txiki bat betetzen”. Errepideko zeharkaldia bera baino garrantzitsuagoa da barne bidaia: oroitzapen eta bizipen eder eta ez hain ederrak, jolasak, eta negarrez eta umorez gaindituko dituzten bidean aurkitutako oztopoak. Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria. [+ INFO]

 

GURE SORLEKUAREN BILA

Solasaldia: Josu Martinez

Azaroak 29, asteazkena, 19:00.

Hazparne, 1956. Ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da herriko zineman. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da. [+ INFO]