Ikasturte honetan, eman pausoa eta parte hartu Mintzalagunean.

Ausartuko naiz, euskara gehiago erabiliko dut, azterketa gaindituko dut, ikasitakoa praktikan jarriko dut, lagun euskaldunak egingo ditut, amak erakutsitako hizkuntza kalera eramango dut… Arrazoi asko daude aurten pausua emateko eta ikasturte honetan Mintzalagunean parte hartzeko.

Eman pausoa

Aurrez aurreko bilerak astero berreskuratzeko asmoarekin bueltatzen da Mintzalaguna programa 21/22 ikasturtean. Lagun-arteko bilera mota hauen bitartez programan izena ematen dutenek, astero praktikatu eta erabiliko dute euskara. Mintzalaguna, horretan datza, hain zuzen ere, taldekideak lagun bilakatzea eta euskara izatea lagun talde horren eremu naturala.

Aukera paregabea, beraz, euskaraz gehiago aritu nahi dutenentzat, edo dugunontzat, hobe esanda! Mintzalaguna ez baita soilik euskara ikasten dabiltzanentzat!

Pausua ematera animatzen zaitugu aurten, osasun eta babes neurri guztiak beteko ditugun bitartean, Mintzalagun talde batean parte hartzera.

Nola
Mintzalagunak astean behin elkartzen dira, gutxienez, ordu betez adostutako leku zehatz batean. Taldeetan euskara maila ezberdina duten pertsonak elkartzen dira eta euskara lagunen arteko komunikazioan erabiltzen dute. Talde bakoitzeko Mintzalaguntzaile bat egoten da, bidelagun den hizkuntza erreferente hau, euskaraz hitz egitera ohituta dagoen pertsona da.

Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez erabiltzen duten laguntzaileekin elkartzen dira 8-10 laguneko taldeetan. Mintzapraktika talde hauek Gasteizko auzo ezberdinetan elkartzen dira asteko egun guztietan.

Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:  

  • Euskaraz komunikatzeko gaitasun minimoa izatea. (B.2.1 maila gutxi gora behera)
  • Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.