Zazpigarren urtez, GEU elkartearen txosnak Aihotz plaza girotuko du Gasteizko jaietan. Aurten, hilaren 2an zabalduko ditu ateak, eta zortzi egunetan musikaz, dantzaz, giro alai eta euskaldunez beteko ditu plazaren bazter guztiak.
Abuztuaren 2an eta 3an, eskaintza zabala
GEU txosnako ohiko eskaintzaz gain, bi egunetako egitarau propioa prestatu dugu, jaiak hasi aurretik. Hala, abuztuaren 2an Aihotz Txotx eguna izango dugu, eta sagardoa, txorizoa, bakailao tortilla eta dantza izango dira protagonistak. Jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako Dj Porru-ren dantzaldiarekin. Ondoren, 19:30ean urtero GEU elkarteak ematen duen GEUre saria banatuko dugu. Aurten, Uri Ruiz Bikandi irakasle eta idazle euskaltzalea omenduko dugu, euskararen alde egindako ibilbidea eskertzeko. Ondoren, dantza plazan izango dugu, Azido Folkloriko dantza taldearen eskutik.
Abuztuaren 3an, berriz, Euskaraldia ekimenak hartuko du protagonismoa. 18:30etatik aurrera, txapa tailerra, mural margoketa, lehiaketa dibertigarriak eta ekimenaren inguruko informazioa egongo da Aihotz plazan. 20:00etan, berriz, musika eta dantza izango dira nagusi. Lehendabizi, La Pulga artistaren Berriketan ikuskizunarekin, flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituena. Ondoren, Garilak 26 taldeak kontzertua eskainiko du.
200 lagun inguru GEU txosnan laguntzen
Urtero bezala, 200 lagun inguru ibiliko dira GEU txosnan laguntzen; barran zein sukaldean, boluntario bezala, goiz, arratsalde eta gaueko txandak egiten. Hauei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien laguntzarik gabe, ezingo genuke GEU txosna aurrera eraman! Ia txanda guztiak bete ditugun arren, oraindik aukera gutxi batzuk daude GEU txosnan aritzeko. Ikusi GEU txosnan txanda aukeratzeko galdetegia.
Abuztuaren 2tik aurrera, musika, dantza, jatekoa, edatekoa eta giro euskalduna ez dira faltako GEU txosnan. Beraz, bertatik pasatzera animatzen zaituztegu!
Iruzkinik ez "GEU txosnak Aihotz plaza girotuko du abuztuaren 2tik aurrera"