- ekitaldia hau amaitu da.
[PARRAL EMANALDIAK] Jon Gurrutxaga & Urbil Artola
19 otsaila, 2019 @ 21:30 - 23:00
“Kateak” Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du, “Lokatzetan Play” binilo edizioen barruan. EP berria bi abestiz osatutako single formatuan kaleratu da eta barruan lau abestiko bonus CD-‐a du.
“Hitz lauz” aurreko diskoan ezarritako oinarri akustikoak jarraitu ditu musikari elgoibartarrak lan berrian. Kantu bakoitzak paisaia musikal guztiz ezberdinak margotzen ditu. Gospela, bluesa, folka eta pop-‐rockaren eragina modu oso pertsonalean azaleratzen du Gurrutxagak lan berrian.
Lagunez inguraturik osatu du lana: Iñigo Gorritxategi (baxua), Urbil Artola (dobroa), Patxi Zabaleta (gitarra elektrikoa), Marcos Coll (armonika), Peio Gorrotxategi (teklatua).
Zuzenekoak bikote moduan eskaintzen ari da Urbil Artola hondarribiarra lagun duela dobro eta lap steel ezberdinetan.
JON GURRUTXAGA
Arima Beltza taldearekin bateria eta abeslari lanetan hasi zuen bere ibilbidea Jon Gurrutxagak. Blues&rock doinuetan murgildurik hiru disko kaleratu zituzten elgoibartarrek Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Ondoren, Keu Agirretxearen UEK proiektuan baterian aritu zen, baita Andrakan taldean ere. Jon & Sugramas izeneko proiektuarekin itzuli zen abeslari lanetara, oraingo honetan berak konposatutako kantuekin eta 70eko hamarkadara eramaten gintuzten doinu rockeroekin. “Hitz lauz” izan zen Jon Gurrutxaga bezala argitaratu zuen estraineko diskoa, disko akustiko eta intimoagoa.
URBIL ARTOLA
Sorotan Bele izan zen Urbil Artola hondarribiarraren lehen proiektua. Folka doinu erakargarriekin uztartuz arrakasta handia izan zuen taldeak eta hiru disko merkaturatu zituen. Taldea desegin ondoren, gitarra akustikoa jotzetik dobroa jotzera pasa zen Artola. Azken urteotan Howdy bluegrass taldeko partaide da eta hainbat bakarlarirekin grabatu eta jo du, Anje Duhalde, Iker Lauroba… Maider Zabalegiren bakarkako proiektuan ere parte hartu du eta zuzeneko taldeko partaide da.