2020 udazkeneko programazioa

Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloak hasiera izango du datorren urriaren 14an.

Aurten, osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, saioetara joateko sarrerak (doakoak) eskatu beharko dira aldez aurretik.

Gonbidapenak
Lagun bakoitzak 2 gonbidapen bakarrik eska ditzake.

Gonbidapenak eskuratzeko 3 bide egongo dira; horretarako jarduera baino astebete lehenago irekiko da aukera:

  1. Bibe plataforman
  2. Telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara
  3. oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita:
    1. *E-posta idatzita ez da ziurtatuko gonbidapena, baieztapen-mezua jaso arte.
    2. **Emanaldiaren egunean bertan 14:00etan itxiko da aukera hau.

*Gonbidapenak agortu arte.

Izenik gabe 200×133

Enara Goikoetxea

Urriak 14 asteazkena, 18:00 Oihaneder Euskararen Etxean, Ortuño aretoan

Jose Luis Zumeta margolariak Nafarroako Arribe herrian dagoen autobus garaje zahar batean dauka tailerra, eta bertan lan egiten du desordutan. Oraingo honetan 200×133 tamainako bi pinturatan lan egiten ari da. Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean erakutsiak izango dira hauek.

Margolariak, bereizgarri dituen sormen eta barne prozesu paregabeak erakusten ditu lehenengo aldiz kamera aurrean. Zumetaren lanorduak eta ohiturak errespetatuz, koadroen garapena erakusten du dokumentalak.

Erroa eta Geroa

Ane Gorosabel, Maribi Ugarteburu eta Arantza Arrien

Azaroak 11, asteazkena 19:00 Oihaneder Euskararen Etxean, Ortuño aretoan

Zer diote emakume baserritarrek? Non daude? Ezagutzen ditugu euren bizipenak, kezkak, iritziak…? Dokumentalak Euskal Herriko leku oso desberdinetako emakume baserritarren ahotsak jaso ditu. Gazteenak 30 urte bueltan dabiltza, nagusienak 90etik gora. Nekazaritza lanak lehen eta orain, generoaren araberako lan banaketa, kontsumo ohiturak,ekoizpen ereduak, nekazaritzaren transmisioaren etena, emakume baserritarren eskubideak, errenta duina izateko borroka, erreleboa… Hainbat bizipen eta korapilo, hainbat kezka eta galdera, emakume baserritarren ahotik, erroa jasoz eta geroa irudikatu nahirik.

Elkarren zaintzaren eta lur planetaren zaintza beharra inoiz baino ageriago geratu zaizkigu pandemia garaiotan. Lurrari lotutako eta hurbileko nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra landu izan dutenedota lantzen duten emakumeak dira, hain zuzen ere, dokumental honetako protagonistak. Jarduera honek etena eta agroindustriaren erasoeta akaparamendu bortitza jasan ditu. Eta, hala ere, emakumeei esker iraun du eta bizitzari eutsi diote.

Dokumental honen grabaketak 2018ko udan egin genituen; lana bera 2019ko udazkenean amaitu genuen eta hainbat herri eta auzotan aurkezten hasi ginen.

Burbunak eta etsayak

Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre

Abenduak 9, asteazkena 19:00 Oihaneder Euskararen Etxean, Ortuño aretoan

Ondarea da hari-mataza bat, inoiz bukatzen ez dena. Tira eta tira egingo diozu hari-muturrari, eta ez da inoiz bukatuko. Pertsonak naturan itsatsita egon denetik sekulako jakintza pilatu du, mataza bukaezina. Egin ditu sendagaiak belarrekin, eta jarraitu dio basoko piztiari, herriko azken zokoraino… Animalia eta landareen izenak, bizimodua, haiekin lotutako sineskerak, mitoak… Herritarrak gero eta hiritarrago diren Euskal Herri honetan, badira ondare hori bizi bizirik mantentzenduten herritarrak. Hernaniko kasua azaltzen du dokumental honek, ondarea gaur eguneraino dakarren hari-muturra ez baita erabat eten Hernanin. 25 protagonistek argituko dute zer diren burbunak eta etsayak.