GEU Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren programazio berria aurkezten dute. Urtarrila eta apirila bitartean hilabetean behin, euskarazko dokumental eta solasaldiak eskainiko dira 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da

Gogoratu, eserlekuak mugatuak dira eta gonbidapenen bitartez lortzen dira, sarrerak hartzeko epea astebete lehenago irekitzen da www.oihaneder.eus web orrialdean.

Urtarrilaren 13an, 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean, “Bi urte, 4 hilabete eta egun bat
Lander Garro zuzendariak, 1990 hamarraldiko derrigorrezko zerbitzu militarren kontrako mugimenduaren azterketa bat egiten du: politikoa, soziala, eta intimoa. Dokumentala ikusi ondoren solasaldia egingo da Gasteizen talde antimilitaristetan intsumisioaren mugimenduan ibilitako lagun ezberdinekin: Luis Zulaika, Susana Correal eta Asis Iriondo.
https://oihaneder.eus/agenda/2-urte-4-hilabete-eta-egun-1/

Otsailaren 10ean, 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean, “Erraiak”
33 minutuko filmak, irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egiten du. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan? Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Solasaldian Ekain Martinez de Lizarduy zuzendaria izango dugu.
https://oihaneder.eus/agenda/erraiak/

Martxoaren 10ean, 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean, “Caminho Longe”
Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta, Frantzia eta Espainiak deportatu egin baitzuten 1986an. Kristiane Etxaluze adiskide nekaezinarekin egingo du bidaia. Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariekin burutuko da solasaldia.
https://www.verkami.com/projects/24714-caminho-longe

Apirilaren 14an, 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean, “Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa”
Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, Gladys del Estal Ferreño, manifestaldi bakezale batean guardia zibil baten tiroak hildako gaztea zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du. Solasaldian Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilaria izango ditugu.
https://www.ezeskerrikasko.eus/