Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa: Neguko programazioa
Urte berriarekin batera abian da berriro ere Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa. Oihaneder Euskararen Etxeak, GEU elkarteak eta hiruhileko honetan IKA euskaltegietako ikasleak batuko zaizkigu euskaltegi sare honek bere 31. urteurren-ekitaldi sortari ekingo baitio urtarrilean, eta elkarrekin antolatu baitugu emanaldia.
Urtarriletik martxora eskainiko diren lanak hauek dira: Bihar Dok 13, Zizelkariak eta Izenik gabe. Saio bakoitzak bi atal izango ditu: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da; eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.
Emanaldiak Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, arratsaldeko 18.00etan urtarrilaren 22an eta martxoaren 11an; eta 19:00etan otsailaren 12an.
Sarrera librea da.
Bihar Dok 13
Urtarrilak 22, 18:00
Solasaldia: Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte
Basque Culinary Centerren, abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, Bihar dok 13 menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira, eta hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute.
Bost ekitaldi bereziren bitartez, Gaur, Ez dok amairu eta Euskal sukaldaritza berria mugimenduak ezagutuko ditugu. Ekitaldi horiek barneratu ostean, lidergoak banatu, eta menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Dokumentalean, ikasleen begien eta ekitaldien bidez, mugimenduok euskal gizartean zer garrantzi izan zuten ezagutuko dugu. Halaber, nola jarraitu duten sukaldariek ere sortze-prozesua gauzatzen.
Azkenik, sukaldari gazteek egindako “Bihar Dok 13” menua dastatzeko antolatuko den bazkarian, euskal kulturaren aurpegi adierazgarrienak egongo dira, artista eta musika berriekin baturik. Sinbolikoki, belaunaldi batek berriari ateak irekiko dizkio.
Bihar dok 13 dokumentalaren aurretik Mirokutana ekoiztetxeak sustatutako Ander Iriarteren Emarri film laburra emango dugu.
Zizelkariak
Otsailak 12, 19:00
Solasaldia:
Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazte izango dira Zizelkariak dokumentalaren protagonistak, ertzetako borroketatik Euskal Herri bizi baten gazte mugimendua irudikatuko duten sei esperientzia: Arkaitz, Ezkerraldeko Harian gazte talde prekarioko kidea; Edurne, Tuterako Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea; Maika, Aldudeko Ibarrean etxebizitzaren gaia lantzen duen AIBA taldeko kidea; Martta, Donapauleko euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea; eta Jon, Arabar Errioxako gazte asanbladako kidea.
Sei gazte hauek euren herrietan bizi duten errealitatearen testigantza eskainiko dute Zizelkariak dokumentalean, lurralde bakoitzean aurrera eramaten dituzten borroken berri emanez. Era berean, euren herrietan eta, oro har Euskal Herrian, etorkizunean garatu beharreko borrokak ekarriko dituzte erdigunera, “elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko”.
Dokumentalaren ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina abiatu dute itsulapikoa.eus plataforman. Norbanakoek zein elkarte edota kolektiboek egin dezakete ekarpena, eta hainbat opari jasotzeko aukera izango dute bueltan: dokumentala bera, oroigarriak, kamisetak, laminak, aurkezpenak egiteko aukera.
Izenik Gabe / 200×133
Martxoak 11, 18:00
Solasaldia: Monika Zumeta eta Enara Goikoetxea
Jose Luis Zumeta margolariak Nafarroako Arribe herrian dagoen autobus garaje zahar batean dauka tailerra, eta bertan lan egiten du desordutan. Oraingo honetan 200×133 tamainako bi pinturatan lan egiten ari da. Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean erakutsiak izango dira hauek. Margolariak, bereizgarri dituen sormen eta barne prozesu paregabeak erakusten ditu lehenengo aldiz kamera aurrean. Zumetaren lanorduak eta ohiturak errespetatuz, koadroen garapena erakusten du dokumentalak.
Iruzkinik ez "Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa: Neguko programazioa"