Ikasturte berriarekin batera abian da berriro ere Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatuta, urritik abendura bitarteko egitaraua osatu dugu. Oraingo honetan hiru dira eskainiko diren lanak: Pastoreak, Txillardegiren Klika eta Zortzi Yukon Saio bakoitzak bi atal izango ditu: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da; eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.

Emanaldiak Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, arratsaldeko 19.00etan eta sarrera librea da.

 

PASTOREAK

Urriak 9, asteazkena, 19:00

Solasaldia: Puy Arrieta eta Eukeni Arriortua

Artzaintza Euskal Herrian mendetan barrena oso sustraitua izan den ogibidea da. Orain, berriz, egungo globalizazio garai honetan oso gutxik egiten dute lan honen aldeko hautua. Alabaina, gutxiengo horren artean ditugu Puy Arrieta eta Jon Etxeberria, bata arabarra eta bestea bizkaitarra hurrenez hurren, artzainak biak, Arratiako bailaran bizi direnak, eta lan honi gorputz eta arimaz emanak, hau da, bizi estilo jakin honi emanak. Dokumental honetan gaur egun artzain izatea zer den izango dugu hizpide, hala nola euren ohiturak zein diren, transmisioa, balioak eta emakumearen papera. XXI. mendean emakume edo gizon artzaina izateak zer esan nahi duen izango dugu hizpide. “Pastoreak izango ditugu hizpide”.

 

TXILLARDEGIREN KLIKA

Azaroak 13, asteazkena, 19:00

Solasaldia: Kote Camacho eta Miren Rubio

Txillardegiren Klika osatzeko, 14. KORRIKAk Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho. Dokumental horren ardatza elkarrizketa hartako irudi gordinek osatuko dute, nagusiki: han jorraturiko gaiek dokumental honetan jaso nahi direnekin bat egiten dutelako. Txillardegi, bere horretan, gustura eta natural ageri delako, kamerarik ez balego bezala.

14. Korrika hark Ni ere bai leloa zabaldu zuenak, euskara ikasteko urratsa egindako jendea omendu nahi izan zuen. 2019an, KORRIKA urrunago joan da, Klika leloaz eskatu baitzuen euskara erabiltzeko, euskaraz ahalduntzeko, euskararekin inplikatzeko, eta, noski, ez dakienak euskara ikasteko. Horregatik guztiagatik omendu du Txillardegi: euskaldun berri zahar hura (berak zioen bezala) erabakigarria izan da euskararen historiako azkeneko mende erdian.

Elkarrizketa hura oinarri, bestelako artxibo ugari eta protagonista zenbait tarteko, (Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Joxe Azurmendi, Miren Azkarate, Ibon Sarasola eta Laura Mintegi, esaterako), baina Txillardegi beraren ahotsa ardatz: hara hor Txillardegiren Klika dokumentalaren osagarriak.

 

 

ZORTZI YUKON

Abenduak 11, asteazkena, 19:00

Solasaldia: Josu Iztueta eta Mattin Zeberio

Alaska eta Kanada arteko lurralde urrunetan, Yukonera urre bila joan ziren haien bideari jarraituko dio 16 eta 64 urte bitarteko zortzikote batek, oinez eta kanoaz. Duela ehun urte igaro ziren haien urratsetan, kide gazteenetik zaharrenera, nork bere esperientzia biziko du. Ikuspegi horiek guztiak eta Yukon ibaiaren handitasuna biltzen ditu istorio honek, 17 urteko gazte baten begietatik.