Maiatzeko emanaldi honetan Bertha Gaztelumendi zuzendariaren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa emango da

1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondoren, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, -ekainaren 3an-, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Gurean, Tuteran ekitaldi bat burutzea erabaki zen. Izan ere, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat eraikitzeko proiektua bait zegoen, Tutera alboan, alegia. Deialdi hartan, era berean, Bardeetako tiro- eremua desegitea ere aldarrikatu zen. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen baina ez zen itzuli. Guardia Zibil baten tiroak bizitza kendu zion manifestaldi baketsu eta baimendu hartan.

Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du.

Baina dokumentalak deskribatzen duen errealitatean Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmeak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du.

Fitxa teknikoa

  • TENTAZIOAren ekoizpen bat
  • Zuzendaritza: Bertha Gaztelumendi
  • Jatorrizko ideia eta gidoia: Sabino Ormazabal

Sarrerak astebete lehenago lortu ahal izango dira hemen.