[AZARO GIDATUA]
Hilabete honetarako hainbat bisita gidatu antolatu ditugu Mintzalagun egitasmoaren baitan. Arteaz gozatzeko aukera ezin hobea!
SINBIOTIKA

AZAROAK 5, 18:00-19:30
Txaro Marañon artistak buztina eta hondartzetan bildutako plastikoa materia artistiko bihurtzen ditu, ozeanoen kutsadurari eta hondakinekin dugun harremanari buruz hausnartzeko.
Zer gertatzen da lurrarekin eta bizitzarekin lotutako material bat, buztina kasu, erabili eta bota kulturaren ikur handienetako batekin harremanetan jartzen denean? Galdera horrek zeharkatzen du Sinbiotika, Txaro Marañon zeramikariaren erakusketa-proiektua, gure garaiko ingurumen-arazo handienetako bati, ozeanoetako plastiko-hondakinen metaketari, arreta jartzeko sorkuntza artistikoa erabiltzen duen proposamena.
WORLD PRESS PHOTO
AZAROAK 10, 18:00-19:30

Aurten ere, hogeita laugarrenez, munduko fotokazetaritza lehiaketa garrantzitsuena Gasteizera iritsiko da. Oraingoan, 42 istorio bisual egongo dira ikusgai, beste hainbeste kazetarirenak (10 emakume aurtengo edizioan), askotariko ikuspegi eta eduki hunkigarriekin.
WPPk hautatzea bera dagoeneko sari profesional bat bada ere, beti egoten da bereziki deigarria den irudi bat: urteko argazkia. Kasu honetan, New Yorkeko immigrazio-auzitegi bateko korridoreetan ICEk atxilotu zuen unean senide bati etsipenez eusten dioten bi emakumeren minez beteriko aurpegiaren irudia da. Irudiak “ICEk bananduta” izenburua du, eta Carol Guzi kazetari grafiko iparramerikarrak —besteak beste, Pulitzer saria lau bider irabazi duenak— egindako erreportaje baten parte da.
Iruzkinik ez "[AZARO GIDATUA]"