Aihotz plazan geunden buru belarri Gasteizko jaietarako txosna prestatzen: Aihotxotx!, Musikaihotz! ogitartekoak, musika emanaldiak, katxiak, dantza plazan… Eta hara non konturatu garen aurten ez dela jairik egongo!

Nahigabearekin, pisto guztia jan dugu eta abuztuko beroak joaz intsolazioa ere bizi izan dugu. Eta badakizue, jaietan eta barraren bueltan sortzen diren elkarrizketa amaigabe horietako batetan GEU Elkarteari erreparatu diogu

Zenbat gauza urte(et)an zehar, ezta?

30 urte betetzera goaz laster, eta urte guzti hauetan Gasteizko euskararen eragile izaten saiatu gara. Mendira igo, liburuekin gozatu, lagunekin mintzatzen ibili, ahoa bizi eta belarria, umeekin euskaraz jolastu eta kantatu, ehunka kide formatu, sortzaileak bultzatu… Aldizkari izan ginen eta ale bihurtu, eta nola ez, Txosnan gozatu, kantatu, dastatu eta dantzatu!

Zuek guztiek txosnan egiten duzuen ekarpen hori, ematen duzuen babes hori, urte osoan zehar hainbat eta hainbat ekintza egiteko ezinbestekoa zaigu. Gasteizko euskalgintzari hauspoa emateko ezinbestekoa da, tortilla ogitarteko bakoitzarengatik, irribarre bat; Katxi bakoitzarengatik, ikuskizun bat; sagardo botila bakoitzarengatik, formakuntza bat.

Aurten ez dugu txosnan elkar ikusiko. Ez dizuegu txanda bat egitea eskatuko, eta ez dizuegu txakolin freskorik zerbitzatuko. Baina aurten ere txanda hartzeko eskatuko dizuegu.

Crowdfunding kanpaina bat abiatu dugu, edo euskaraz esanda, diru bilketa bat. Elkarteak behar duelako, Gasteizek behar duelako. Gasteiz euskararen alaitasunez bete nahi dugulako, jaietan dugun alaitasun hori guztia kutsakorra izatea nahi dugulako. Beraz, aurten jaietan gastatuko ez dituzun dirutxo horietako batzuk bideratzea eskatu nahi dizugu.

INFORMAZIO GEHIAGO EDO EKARPENA EGITEKO SAKATU HEMEN