kherau-durangon1

Euskarazko tradiziozko abesti zaharrek sorgindurik, 2007ko udaberrian abiatu zen gerora KHERAU boskote bizkaitarra izango zenaren plazaz plazako ibilbidea. Tradizio eta berrikuntza uztartzeko asmotan, lehenengo urratsetatik mantendu izan dute herri kantutegi eta propio sorturiko abestien arteko oreka, betiere, lehenengoei interpretazio garaikidea ematen dietelarik eta bigarrenetan pop edo rock estiloko egiturak jorratzen dituztelarik nazioarteko jatorrizko hainbat musika-tresna ibiliaz.

Taldeak mugarri bi ezarri ditu bide horretan: MUNDUAN ORTOZIK (Baga-Biga 2010) eta AUKHERA (Gaua 2014). Disko bietan, Kajoi flamenkoak, baxu elektrikoak eta bouzouki irlandarrak osatzen duten zimendu erritmiko sendoan dautzalarik, flauten eta trikiaren melodiak garatzen dira ahots eta landutako koruekin batera. Edozelan ere, disko batetik bestera taldearen soinuak berezko bilakaera izan du, eta eten bako eraldatzean jardutea da bandaren xedea.

Ikuskizun bizi eta indartsua eskaintzen dute, baina tenpo leuneko abestiei ere euren tartea uzten badakite, intimismoaren zertzeladek areagotzen dutelarik kontrastez beteriko errepertoria. Plaza bakoitzari ukitu desberdina eman guran, emankizunaren detaile eta moldeak eten gabe moldatzen dituzte, eta gehienetan, bertsolaritzak eta olerkigintzak agerpena izaten dute.

img-20161013-wa0006

Hona hemen Kherautarrak:

  • Gaizka Andollo Santamaría: kajoia, djembea eta perkusioak (Albokale, Karramarro, Bufo kalamita, Bilboko gaiteroak…)
  • Aitor Esteban Etxebarria: baxu elektrikoa eta bertsoak (Kandela, Nihl, Ogiza, Yavhe…)
  • Iker Lope de Bergara: ahotsa, txirulak eta albokak (Urgabe, Korrontzi…)
  • Ibon Ordoñez: ahotsa, gitarra, bouzouki eta mandolina (Gartxot, Ruaille Buaille, AK-37…)
  • Eneritz Gorritxategi Lariz: ahotsa eta trikia (Ene Bada…)