Zigoitiko Gorostitzan utzi ditugu autoak eta handik abiatu gara, ametz eta haritz artetik, Siskiño
errekaren bila. Erreka-zulotik gorako bidean, pagadi izugarria… eta adar zabaldun oreinak
(batzuek lau ikusi dituzte, bizkorrenek bost). Siskiño (edo Soliño, EAEko izendegi ofizialaren
arabera) tontorrean (854 m), 1937ko lubakiak ikusi ditugu, eta ikuspegi zabala: Orixol, Ipizte,
Anboto, Urkiola, Saibigain, Aramotz… Oketa eta Gorbeia lainopean oraindik.


Siskiñoko leizearen bila joan gara hurren, eta ikusi dugu non bizi izan ziren Eusko Jaurlaritzaren
Batailoi Disziplinarioko gudariak, 1937ko urtarril-otsail-martxoan, Amos Ruiz komandantearen
agindupean, Ubidetik harako “gorrien bidea” egiten zuten artean.


Gero, pago tantai artetik jarraitu dugu, aurrean Gorbeia bistatzen zen artean, Oketako aldapen
bila. Bidean aipatu ditugu Zezilia Garzia Gilarte kazetari anarkistak 1937ko urtarrilean eta
otsailean CNT Norte aldizkarian argitaraturiko kroniketan kontatu zuela Oketako tontorrean
(1018 m) neguko hiru hilabete eman zituzten miliziano anarkisten gorabeherak. Gora iritsi
garenean, haize hotz eta zakarrarekin, ozta-ozta egin dugu argazkia, eta milizianoen txabolak
eta lubakiak arin-arin ikusita hartu dugu beheranzko bidea, aurrean Zigoitiko lurrak eta
Legutioko lurrak eta urtegiak ditugula.


Bidean behera, hareaharrizko errotarrien kargalekuaren bila desbideratu gara, eta han aurkitu
dugu nolabait apurtu eta erabiltzeko gauza ez zelako kargalekuan bertan abandonaturiko
errotarria. Haren inguruan egin dugu bazkari legea, haizearen babesean, aurreko mendiei
begira: Motxotegi, Esnauritzagana eta Aiao lehenengo ilaran, Orixol, Durakogain, Jarindo eta
Albertia hurrengoan, Kurutzebarri atzean, Aloña atzerago, laino artean erdi estalita…
Beheranzkoan, Laminelandatik eta Ganzorrotzetik igaro gara, berriz gorputzak berotzen hasita.


Autoetara iritsi garenean, gidariak proposatu du Gasteizerako bidean Keturako hormigoizko
bunkerrak ikusten geratzea eta halaxe egin dugu. Etxera iritsi garenean, oraindik astia izan
dugu Maialen Lujanbio eta Ametsen Arzalluzen arteko buruz burukoaz gozatzeko.

GIDOR BILBAO

Hurrengo txangoa abenduaren 31n izango da, informazio gehiago HEMEN.