[GASTEIZ, EUSKARAREN HIRIA]
Gasteizko euskalgintza oparoa da eta urteak daramatzagu Gasteizen lanean, euskararen aldeko ibilbide polit eta landu bat eraikiz.
Proiektu honen talde eragilean GEU elkartea, ALEA, AEK, HEGOALDE eta BAI EUSKARARI ibili gara proiektuari forma ematen, eta argi genituen proiektu honen helburuak zeintzuk izan behar ziren:
- Gasteizko euskalgintzaren erakusleiho bat sortzea.
- Publiko anitza gurera erakartzea.
- Gazteei zuzendutako ekintza eraginkorrak aurrera eramatea.
- Gasteizko sortzaileei, bereziki, plazan jarduteko aukera ematea.
- Euskarazko kalitatezko eskaintza bat bermatzea.
- Euskaraz gozatzeko unea eta arnasgunea eskaintzea.
- Gasteizko Euskaraz jarduten duten eragileen aniztasuna argitara ematea
- Gasteizen euskalgintzan jarduten duten eragileen elkar ezagutza eta elkarlana sustatzea
‘Gasteiz, euskararen hiria’ ekimenak euskararen inguruko jai eta partaidetza topagunea eskainiko digu 12 orduz jarraian, hiriko hainbat kultura, aisialdi, euskara eta kirol elkarte eta gizarte eragileen eskutik. Aniztasuna, euskara eta jaia uztartu nahi ditu, “Plazak eta hitzak, kolore anitzak” lelopean. Hona hemen programazio anitza!
Aipatu behar ditugu ere, Gasteizen lanean diharduten euskalgintzako beste eragileak, horietako asko proiektua babestu eta egunean bertan parte hartuko dutenak:
Euskaltegiak eta hauen urteroko lan gogorra euskararen normalizaziorako bide horretan; ezagutzan, erabileran eta sustapenean eraginez: AEK, Hegoalde, IKA, Udaberria…
Enpresen arloan lanean buru-belarri Bai Euskarari Elkartea dago, Euskal Heri mailan lan munduan euskararen erabilera areagotzen eragiteko helburua duena.
ALEA egitasmo komunikatiboa aipatu beharra dago. Bere sorkuntzatik, Araban euskararen normalizazioan eragiten ibili dena, zehazki, kalitatezko kazetaritza produktu erakargarriak sortu eta eskaintzean jarri dira indarrak, lurraldeko euskal komunitateari informazio iturri interesgarria eskainiz.
Arabako Bertsozale elkartea, Kimuak, Auzoetako euskara taldeak, Gasteiz kantuz, Hala Bedi, Arabagara, Euskal Herrian Euskaraz, Lazarraga kultur elkartea…
Asko gara, eta gehiago izango gara. Urriaren 19an, Andra Mari Zuriaren plaza euskaraz eta gozamenez betetzeko deia egiten dugu.
PLAZAK ETA HITZAK, KOLORE ANITZAK!!
Iruzkinik ez "[GASTEIZ, EUSKARAREN HIRIA]"