- ekitaldia hau amaitu da.
[Diaporama] Pamir mendietan, zetaren bidea desegiten
24 urria, 2017 @ 09:00 - 18:00
DoanAinhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretak, Gasteiztarrak Arraun the Word lehiaketan 4 irabazleetako bat, jendaurreko aurkezpena egingo dute urriaren 24an 19:00etan Dazz tabernan.
Tajikistan eta Kirgizistan. Gaur egun mapetan kokatzea ere hain zailak izan arren herrialde hauetan barna zihoan garai batean Asia eta Europa arteko merkataritza-bide sare ezaguna: Zetaren Bidea. Erdialdeko Asian kokaturik, Sobietar Batasunaren zati izandakoak, bi errepublika txiki hauetan Zetaren Bideak Pamir mendilerro erraldoia gurutzatzen du eta bertara, lurrak eta zeruak bat egiten dutela dirudien Pamir lurralde horretara, jo genuen uztailaren erdialdean: Ainhoa, Irati, Joseba eta Koldo, lau lagun, lau bizikleta.
Duxanben, Tajikistango hiriburuan, lur hartu eta Pamir mendiak gurutzatzen dituen Pamir Highway bidean barna ibili ondoren, hilabete beranduago eta 1.453 kilometroren ostean iritsi ginen Kirgizistan hegoaldeko Osh hirira. Sobietar garaia gogoratzen duen Duxanbetik irten bezain pronto zain geneuzkan mendi erraldoiak. Panj ibaiaren ondotik, ibaiaren bestaldean Afganistan genuela, Wakhan bailara isolatua zeharkatu genuen Hindu Kusheko menditzarren ikuskizunaz gozatuz. 4.332 metroko mendatea zeharkatuz Pamir lurraldearen erdian kokatzen den Murgab herri nagusira iritsi ginen. 4.000 biztanle ingururekin erraldoia dirudi inguru hauetan. Murgab utzita zain geneukan bidaia honetako sabaia: Ak-Baital mendatea (4.655m). Handik gertu, Karakul laku erraldoiaren ondotik pasa orduko agur esan genion Tajikistani Kirgizistanera sartzeko. Bertan, belardi zabal, yurta eta abere artean Uzbekistandik hain gertu dagoen Osh hirira iritsi ginen.
Hain ongi josiak dauden lur idor hautan, batzuetan igarotzeko zirrikiturik aurkituko ez genuela pentsatu arren, poliki-poliki, paisaiaren edertasunak lagunduta, bide gogorretako loturak askatuz joan gara eta, konturatu orduko, hain arrotza zirudien lur haren zatitxo bat guregan dugu. Tartean Tajik eta Kirgiz jendeak momentu ahaztezinak eskaini dizkigute irribarreen epeltasunean. Hain gertu egonagatik hain urrun dauden bi herri, ukitu arren, nahasten hain zailak. Hain berdin, hain desberdin.
Oihanederrek, Gauekoak, GEU, Sarburu eta Zizta euskara elkarteen laguntzarekin antolatu du Gasteiztarrak Arraun The World lehiaketa.
Saritutako lanetako hainbat argazki ikusgai daude azaroaren 1era arte Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren klaustroan antolatutako argazki erakusketan. Horrekin batera, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar. Aurkezpen guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
- Urriak 17: India, fede kontua. Gaizka Untzueta – Koxka taberna (Salburua)
- Urriak 19: Mugak zabalduz. Ongi Etorri Errefuxiatuak-Araba taldea – Libra taberna (Txagorritxu)
- Urriak 24: Pamir mendietan, Zetaren bidea desegiten. Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta – Dazz taberna (Alde Zaharra)
- Urriak 26: Guatemalako udaberri beroak. Kauldi Iriondo – Candela taberna (Judimendi)
Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazenen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia eta gosaria zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo diren eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 2an izango da.