[Diaporama] Banda uharteak, espezieen baso eta itsaso zabalaren artean.
Ion Etxebarria eta Aizkoa Madinabeitiak, Gasteiztarrak Arraun the Word lehiaketaren irabazleek, jendaurreko aurkezpena egingo dute urriaren 20an 19:00etan Hala Bedi tabernan.
Banda uharteak urruti daude. Euskal Herritik kilometro askotara, izen bereko itsaso zabalean galdurik, Papua uharte erraldoiaren hego-mendebaldean eta Timorren iparraldean. Australiatik oso gertu, alegia. Administratiboki Indonesiaren parte badira ere, ezer gutxi dute hartatik. Beste mundu bat aurkituko du bertara joaten denak, liluraz beteriko mundua. 6 irla nagusi bezain ñimiñok eta zenbait irla are txikiagok osatzen dute historiaz eta istorioz bustitako herri hau. Europarrek 1512. urtean “aurkitu” zituzten eta geroztik, janari bizigarrien merkatuarentzat garrantzitsuak izateaz gain, urpekaritzarako jarduerak burutzeko turismo gune dira.
Bandako biztanleria jende zoragarria da. Itsasoan pasatzen dute askok eguna. Haurrak hondartza bazterretan alboratutako txalupekin jolastu ohi dira, helduek eguna amaitzean jango duten afariaren bila diharduten bitartean. Alta, itsasoari lotuta bizi den herria da Bandetakoa. Beste askok berriz, orduak igarotzen dituzte espezieen basoan, kanela, iltze eta intxaur muskatua landatu eta jasotzen. Espezieek, erlijio musulmanak bezala, berebiziko garrantzia dute eta.
Banda irletan, uztailean, nekez dabil bidaiaririk. Turismoari dagokionez denboraldi baxua izateak izango du arrazoirik, ziur, baina bertara iristeko egin beharreko bidaia neketsuak ere bai: hamaika hegazkin, jendez gainezka dauden itsasontzi handi zein txikiak, erretiroa eskatzen dauden kamionetak, … Ordea, Banda irletako hondartza eta itsas hondo ederrak lehen aldiz ikustean, bertako jende eskuzabal bezain zoriontsuarekin hitz egitean, bidaiak merezi izan duela konturatzen da bat. Apenas elkartu ginen bidaiariekin, eta apenas genuen berebiziko eginbeharrik: janari biziaz gozatu, arrain, dortoka eta marrazo artean igeri egin, eta ingelesez hitz egin ez, baina irribarre amaiezin bat zuen jendearekin harremantzea. Besterik ez. Eta horri, mugikorrik gabe bizitzea gehitu behar zaio, irla batzuetan nekez dago eta argindarrik. Zer gehiago eskatzen du espezieen baso eta itsaso zabalaren artean lasai-lasai egon nahi duenak?
Oihanederrek, Gauekoak, GEU, Sarburu eta Zizta euskara elkarteen laguntzarekin antolatu du Gasteiztarrak Arraun The World lehiaketa.
Saritutako lanetako hainbat argazki ikusgai daude azaroaren 1era arte Oihaneder Euskararen Etxeko bigarren klaustroan antolatutako argazki erakusketan. Horrekin batera, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar. Aurkezpen guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira. Aurkezpen guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
- Urriaren 18an Orient Express tabernan Greziako esperientzia azalduko dute Mintegik eta Diaz de la Bárcenak Zizta Euskara Taldekoekin elkarlanean.
- Urriaren 20an Aizkoa eta Ionen txanda izango da. Geu elkartearekin batera antolatuta Banda uharteak izango dituzte hizpide alde zaharreko Hala Bedi tabernan.
- Urriaren 25ean Marokoraino bidaiatzera gonbidatuko gaituzte Ibon Marcosek eta Diego Gomezek. Sarburu Kultur Elkartearen ekimenez Salburuako Koxka tabernan.
- Urriaren 27an Jon Gilek Euskal Herriko kostalde gazia Itziar Elkarteen Etxera eramango du Gauekoak-en bitartez.
Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazenen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia eta gosaria zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo diren eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 2an izango da.
Iruzkinik ez "[Diaporama] Banda uharteak, espezieen baso eta itsaso zabalaren artean."