[GEUREKIN MENDIRA]: Etxarriko trikuharriak
Etxarri Aranazko Danbolintxulotik Txaradigorrira (2023-03-19)
“Goiza ilun eta euritsu hasi da, baina talde polita (13 lagun eta Ostotz txakurra) abiatu gara
Etxarri Aranazko mendi aldera. Zain geneukan han Jose Luis etxarritarra, goiz partekoa gurekin
batera egiteko; haren ahotik Etxarriko euskara berezia entzun eta gozatu dugu (harekin ikasi
dugu fan esaten dutela, Euskaltzaindiaren Hiztegian joan dakarren lekuan, eta aldapan gora
itzo ‘igo’ behar dela tontorrera iristeko).
Trikuharrien ibilbide osoa egiteko asmoarekin gentozen, baina Jose Luisek esan digu guk
pentsaturik (aurreko batean harekin ikasirik) genuen ibilbidea oso lokazturik izango zela, eta
ipurdikoak dozenaka hartzeko aukera gehiegi genituela, aurreko egunetako euriteak kontuan
izanda. Ordezko bidea eskaini digu, garbitxoagoa, eta haren atzetik joan gara, gora eta gora,
fagadian ‘pagadian’ zehar, Danbolintxulotik (502 m, kanpinaren parean), Txaradigorri gainera
(994 m). Bidean bi trikuharri ikusi ditugu: Fagamendi eta Txaradigorri. Goian lainotuta zegoen
oraindik, eguzkia kirika baina herabe. Tartetxo batean ikusi ahal izan ditugu Aralarren Putxerri
eta Lizarrusti inguruan, berde-berde, Lareoko urtegia.
Beheranzkoan ikusi dugu lehenengoz Beriain erraldoia, artean lainopean ezkutaturik egon
dena. Ahuntzetxeko aterpera gerturatu gara bazkari legea egiteko, baina barruko mahai eta
eserleku erosoak baliatu beharrean nahiago izan dugu kanpoan geratu, eguzkitan, neguko
azken eguzkia dastatzen, udaberriaren atarian. Goiz osoan aterkia zabaldu aterkia itxi ibili
ondoren, a zer gozatua!
Beste patxada batekin heldu diogu beheranzko bideari, Urrizpe errekastoaren ondotik.
Bordabuura iristean, goiz osoan gordeta izan ditugun argazki-kamerak hasi dira lanean: haritz
ikusgarria, hurrengoa ikusgarriagoa, bat zabala eta hurrengoa zabalagoa, halako hariztirik!
Haritz arteko xendran inork ez zeukan presarik, autoetara konturatu gabe iritsi garen arte, 14
km ibili ondoren.”
Gidor Bilbao
Hurrengo irteera, apirilaren 23an izango da, Udalatx-era. Informazio guztia HEMEN.
Iruzkinik ez "[GEUREKIN MENDIRA]: Etxarriko trikuharriak"