Irakurri, Gozatu, Oparitu kanpaina martxan berriz ere
Martxoaren 18tik maiatzaren 31 bitartean Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren 13. edizioa garatuko da, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, baita Gasteizen ere. Jendea euskarazko liburuak irakurtzera animatzeaz gain, egitasmoak liburuak elkarri oparitzea edo trukatzea ere proposatzen du, harremanak lantzeko praktika gisa.
Hamabigarrenez, herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du egitasmoak, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz.
Kanpainan parte hartzeko hiru urrats egin behar dira. Lehenik eta behin, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu beharko da. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa erraz bat bete beharko da ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Gasteizen Liburu denda hauek parte hartzen dute Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainan:
- Albeniz
- Anegon
- Arlekin
- Astrolibros 1 eta 2
- Ayala
- Casa del libro
- Elkar
- Jakintza
- Mara-mara
- Saga
- Zapateneo
- Zuloa
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera ematen du. Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du. Erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da.
Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Iruzkinik ez "Irakurri, Gozatu, Oparitu kanpaina martxan berriz ere"