Gasteizko Jaietan GEU Txosnan gozatu!

Zortzigarren urtez, GEU elkartearen txosnak Aihotz plaza girotuko du Gasteizko jaietan. Aurten, hilaren 2an zabalduko ditu ateak, eta  zortzi egunetan musikaz, dantzaz, giro alai eta euskaldunez beteko ditu plazaren bazter guztiak.

Abuztuaren 2an eta 3an, eskaintza zabala

GEU txosnako ohiko eskaintzaz gain, bi egunetako egitarau propioa prestatu dugu, jaiak hasi aurretik. Hala, abuztuaren 2an Aihotz Txotx eguna izango dugu, eta sagardoa, txorizoa, bakailao tortilla eta dantza izango dira protagonistak. Jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako Ipuin Kontalariekin, Aitor Vinagret eta Nerea Ariznabarretaren eskutik. Ondoren, 19:30ean urtero GEU elkarteak ematen duen GEUre saria banatuko dugu. Aurten, Gasteizko auzo ezberdinetako euskara taldeak omenduko ditugu, euskararen alde egindako lana eskertzeko. Ondoren, dantza plazan izango dugu, Azido Folkloriko dantza taldearen eskutik.

Abuztuaren 3an, berriz, musika izango da protagonista Musikaihotz ekimenarekin. 19:00etan Orbanak taldeak emango dio hasiera jaialdiari, ostean Konpost taldea izango dugularik gurekin eta eguna amaitzeko Izaki Gardenak taldearekin gozatzeko parada izango dugu.

200 lagun inguru GEU txosnan laguntzen

Urtero bezala, 200 lagun inguru ibiliko dira GEU txosnan laguntzen; barran zein sukaldean, boluntario bezala, goiz, arratsalde eta gaueko txandak egiten. Hauei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, haien laguntzarik gabe, ezingo genuke GEU txosna aurrera eraman! Ikusi GEU txosnan txanda aukeratzeko galdetegia.

 

Abuztuaren 2tik aurrera, musika, dantza, jatekoa, edatekoa eta giro euskalduna ez dira faltako GEU txosnan. Beraz, bertatik pasatzera animatzen zaituztegu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude