BEGI BELARRI 2019

Urte berriarekin batera abian da berriro ere Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak elkarlanean antolatuta, urtarriletik apirilera bitarteko egitaraua osatu dugu. Lau film-dokumental eskainiko eskainiko ditugu tarte horretan. Emanaldiak arratsaldeko 19.00etan izango dira, eta bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da; eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da. Saio guztiak Oihaneder Euskararen Etxean izango dira.

JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN

Solasaldia: Josu Martinez (zuzendaria)

Urtarrilak 23, asteazkena, 19:00.

Lezo Urreiztieta Rekalde (Santurtzi, 1907 – Baiona, 1981) euskal itsasgizon, abertzale ospetsua, mugalari eta kontrabandista, eta ehunka judu eta errepublikano salbatu zituen pertsona izan zen. Josu Martinezen dokumental honetan Lezo Urreiztietaren bizitza eta gorabeharak kontatzen dira.

 

ARALAR, MUNDUA LEKU DEN LURRA

Solasaldia: Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi (zuzendariak)

Otsailak 27, asteazkena, 19:00.

Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren asmoa, bertako ‘ondare natural eta kulturala bere osotasunean’ ezagutaraztea da. Orain arte Enirio-Aralar parke naturalari buruz egin den ‘lanik ikusgarri eta osoena’ da, ‘Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat’.

 

ALARDEAREN SEME-ALABAK

Martxoak 13, asteazkena, 19:00.

Solasaldia: Eneko Olasagasti (zuzendaria)

Irun eta Hondarribiako Alardeetan emakumearen parte hartzearen aldekoen eta kontrakoen sentimenduak dira ALARDEAREN SEME-ALABAK ardaztuko dutenak. Lehen zatiak Alardearen jatorriaz hitzegiten digu, bere historiaz, bere eszenaratzeaz, bere osaketaz, bere ezaugarrietaz. Bigarrenak gatazkaren hastapenaz eta garapenaz mintzo zaigu. Lehenengo urtetakoak, 90etako hamarkadan. Hirugarrena gaur egun kokatzen da, 2011 eta 2012 urtetan, eta ikusiz zein egoeratan dauden ‘Alardeak’ festaren orainaz eta geroaz gogoeta egiten digute gure protagonistek.

 

HERENSUGE ZURI ARTEAN

Solasaldia: Inaxio López de Arana

Apirilak 11, asteazkena, 19:00.

Alberto Zerain mendizaleak 2011 urtean Nanga Parbat mendiko Mazeno ertza delakoaren ibilbidea egiten saiatu zen, eta espedizio hartatik etorrita, hartutako irudiez baliaturik, dokumental bat ondu zuen espedizioa osorik deskribatzen zuena. Horixe eskainiko da orain, 2011ko espedizio hartan egindako dokumentala. Euskarazko bertsioa orain arte ez da sekula jarri jendaurrean, eta Oihanederren izango da estrenaldia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude