Euskaraldiak Gasteizko hamaikakoa aurkeztu du

 

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenak Gasteizko hamaikakoa aurkeztu du. Ekimenera batu eta enbaxadore izango diren hamaika lagunak elkartu dira goizean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako agerraldian. Edurne Parro (Aenkomer-eko zuzendaria), Martin Agirregabiria (Alaves taldeko jokalaria), Karmele Jaio (idazlea), Marina Sagastizabal (Mugimendu feministako kidea), Paul Urkijo (zinemagilea), Askoa Etxebarrieta La Pulga (artista), Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon), Iñaki Garmendia (EGA Master zuzendaria), Itziar Azpeitia (kazetaria), Carlos Villalba (erretiratua) eta Natasha Rueda (Goian elkarteko kidea) dira Gasteizko hamaikakoa osatzen duten lagunek. Modu pertsonalean eta borondatez, Euskaraldian parte hartzea erabaki dute, Belarriprest eta Ahobizi rolen bitartez. Hala, egistasmoaren Gasteizko enbaxadore izango dira, eta herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den ekimena da, eta hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa soziala izango da. Horretarako, hamaika egunez, bi rol izango dira aukeran: Ahobizi (ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet) eta Belarriprest (egidazu euskaraz, nik ulertzen dut. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut). Ekimenean izena emateko epea irailarean 20an zabalduko da, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.

Euskaraldia euskalgintza eta erakundeen artean antolatzen ari den ekimena da, besteak beste, Gasteizko udala bultzatzaile nagusietakoa da.

Bitartean, auzoz auzoz eta hainbat enpresa eta entitatetan batzordeak eratzen ari dira, herriko eragile eta euskaltzaleekin batera, ekimenaren inguruko informazioa zabaltzeko eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzeko. Gasteizko Euskaraldiak batzorde hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi die herritar guztiei.

Informazio gehiago: gasteiz.euskaraldia.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude