KANTUZ ETA KONTUZ · Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedarekin kantari

HITZEN AHAIREA

ZERI KANTATZEN DIOGU EUSKALDUNOK?

 

 

Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira gidari 2018an bigarrenez antolatu den Kantuz eta Kontuz euskal kantagintza tailerrean. Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkartean antolatzen duten tailerrak gasteiztarrak euskal kantagintzara erakartzea du xede. 2018ko urtarriletik maiatzera bitartean egingo dira saioak, hilabete bakoitzeko asteazken banatan 19:00-20:30 artean. Izena emateko epea azaroaren 27tik abenduaren 27ra arte zabalduko da. Euskal Herriko kantari eta musika taldeek kantuetarako erabili dituzten testuak, eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dituzte bertan. Ikastaroa bost saiotan banatuko da.

Tailerraren egutegia eta edukiak:

IZEN EMATE EPEA > Urtarrilaren 9ra arte luzatu da

Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria?

Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan?

Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean?

Galdera horiei guztiei ikastaro/tailerrean parte hartuko dugunon artean erantzuten ahaleginduko gara. Horretarako, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko ditugu. Euskal Herriaren historiari errepaso bat egingo diogu, eta bertan txertatuko ditugu idazle zein musikarien arteko harremanak zein testuinguru historikoak beraiengan izan zuten eragina.

Idazle eta musikarien artean sortutako kantak izaki, idazleak eta musikariak aurkeztuko ditugu: datu biblio/diskografiko zein biografikoak, kantak sortzailearen obran duen garrantziak, kantak argitaratu ziren une historikoan izan zuten eragina eta gerora gure imajinarioan utzitako arrastoa.

Kanta gehienak zuzenean joko ditugu, beste zenbait kanta grabazioetatik entzungo ditugu. Kantak aztertuko ditugu, bai letra bai musikari dagokionez.

 

Tailerrari buruzko argibideak

Tailerrean izena emateko epea azaroaren 27tik urtarrilaren 9ra zabalduko da. Matrikula orokorrak 30 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 20 €. Ordainketa matrikulazio epea bukatu ondoren egingo da. Saioa egiteko gutxieneko taldea sortu denaren jakinarazpenarekin batera jazoko dituzue ordainketa egiteko argibideak.

IZENA EMATEKO KLIKATU HEMEN ETA BETE INPRIMAKIA

*Info +:

Saioak egun hauetan izango dira eta gai hauek jorratuko:

  • Urtarrilak 10: Gure poeta eta musikariek Euskal Herriaren historiako hainbat gertakari gogoangarriri zelan eta zergatik kantatu zioten aztertuko da.
  • Otsailak 7: Herrimina, natura, espetxea, bakea, mespretxua: Erbesteari edota gerrari begiratzeko kantak.
  • Martxoak 7: Gerraosteko literatura eta kantagintza.
  • Apirilak 11: 1980, zer da euskaldun izatea?: Gure herriak bizi izan dituen egun sumenditsuenak.
  • Maiatzak 9:Gaur egun, zeri kantatzen diogu euskaldunok?

*Info +: Elgoibarren egindako ikastaroaren saioz saioko kronika: honela egin zuten

EUSKARRIAK

 

Tailerraren gidariei buruz:

 

 

GOTZON BARANDIARAN ARTEAGA: 1974ko martxoaren 21ean jaio zen Larrabetzun. Euskal idazle eta kulturgilea da. Literaturan egindako lanaz gain, besteak beste musikaren arloan Bihotz Bakartien Klubaren eta Katamalo taldearen partaidea izan da. Halaber, “Ahotsenea”-ren koordinazio lanak egin ditu Durangoko Azokaren lantaldean 2011tik 2013ra arte. Literaturari dagokionean Arrakalak (2004, Susa) eta Katamalo (2007, Susa) poesia lanak plazaratu ditu eta Errotik (2010, Susa) eta Gidariaren okerra (2015, Susa) nobelak.

 

 

RAFA RUEDA: 1972ko abenduaren 28an jaio zen Mungian. Abeslari eta gitarrista da. Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen, bakarlari moduan hasi aurretik. Bost disko grabatu ditu bere izenarekin: Kea (2003, Metak), Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak), Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena), Haragizkoa (2006, KAP), Enaren geometria (2011, autoekoizpena), Gabrielen lekua (2013, Erroa). Literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du, eta ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein…). Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat koordinatu du ere, Ehungarrenean hamaika. Gaur egun Lou Topet taldeko kidea da eta Hiri kristalezkoa (2017, Elkar) diskoa plazaratu berri du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude