Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragingo duen egitasmoa

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaldunak aktibatzeko ekimena egingo da Euskal Herri osoan, 11 egun euskaraz lelopean.

Euskaraldia aurkeztu zuten azaroaren 23an Bilbon, Euskarak 365 egun lan ildoaren barruan kokatzen den ekimena. Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Aurkezpenean, egitasmoaren sustatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariak izan dira, tartean, Euskaltzaleon Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Elhuyar, Aek eta Berria. 

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da euskaldunak aktibatzeko ekimena, aldi berean Euskal Herri osoan, 11 egun euskaraz lelopean. Gaur aurkeztutako ekimenak Lasarte-Orian egindako Udaltop topaketan du abiapuntua.

Ahobizi eta Belarriprest

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira protagonista, eta, hamaika egunetan, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi edo belarriprest bihurtuko dira. Ahobiziek lehen hitza euskaraz egingo dute beti, eta ahal den guztietan euskaraz arituko dira. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Izena ematen duten herritarrek identifikazio txapak izango dituzte.

Lehen urratsak 

Tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, tartean, auzo eta herri ezberdinetako euskaltzale taldeak, elkarteak, enpresak edo erakundeak.

Gasteizen, GEU elkarteak du ekimena abiatzeko eta kudeatzeko ardura. Dagoeneko lehen aurkezpenak eta bilerak egin dira, ekimena zabaldu eta martxan jartze aldera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude