GEUren 25.urteurren ospakizuna, iruditan

Mende laurdena ez delako egunero betetzen, ospakizun egun polita antolatu genuen urriaren 28rako. Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatuarekin eman genion hasiera Egin dezagun kale! lemadun egitarauari. Euskarak historian zehar izan duen bilakaera aztertu genuen horretan, hiriburuko Alde Zaharrean barrena egin zen ibilbidea baliatuz; hain justu ere, historian zehar hizkuntzak izandako gorabeherak, azken urteetako berreskurapena, egungo ekimenak eta etorkizuneko erronkak jorratu genituen, GEU elkarteko teknikari Azaitz Unanueren eskutik. 

Jarraian, antzerkiak hartu zuen protagonismoa, eta euskarazko lehen mikro-antzerkien zirkuitua hasi zen. Hiru gune desberdinetan hiru antzezlanen hiruna saio izan ziren. Zehazki, Ortzairen Laburpena, Nisuneren Oingoan Bai! eta Nahia Hualderen Maitemintzen naizen bakoitzean izeneko lanak ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren 60 lagunek. Pintore kaleko Ortzai aretotik, Hedegile kaleko Zas espaziotik eta Aldabe plazatxoko Baratzatik pasa ziren guztiak.

Ondoren, bazkari herrikoia egin genuen Landatxo kiroldegian, giro ezinhobean. Guztira, 130 lagun elkartu ginen, tartean, GEUko bazkideak, Gasteizko mintzalagunak eta urte hauetan elkarteari lotuta egon diren zenbait lagun. GEU elkartearen urteurrena ez ezik, Gasteizko Mintzalagunak ekimenaren 10 urteak ospatu genituen, eta bazkalostean, mintzapraktika egitasmoan hasieratik egon diren mintzalagun beteranoak omendu genituen. Bazkariari amaiera emateko, tonbola, musika eta dantza izan ziren.

Bitartean, Landazuri ikastetxean Pupu eta Lore, Haizearen herrira izeneko haurrentzako ikuskizuna izan zen. Saioa amaitzean, kalejira koloretsuan abiatu ziren dozenaka lagun Andre Maria Zuriaren plazaraino, gainontzeko euskaldunekin elkartu, eta elkarrekin Alde Zaharreko kaleak, txarangaren musikaren laguntzaz, girotzeko. Egunari merezi zuen amaiera emateko, Joselu Anaiak taldeak jendetza jarri zuen dantzan Falerina lorategian. 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude